XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BEDERATZIGARREN LIBURUA

Legeez, defentsa-indarrarekin duten zerikusiaren aldetik

I Nola arduratzen diren errepublikak beren segurantzaz

Baldin eta errepublika bat txikia bada, atzerriko indar batek suntsituko du; handia bada, berriz, barruko bizio batek desegingo du.

Eragozpen bikoitz horrek kutsatzen ditu demokraziak eta aristokraziak ere, bai onak badira, bai gaiztoak badira.

Gaitza gauzan bertan baitago: ez da ezer hori konponduko duenik.

Beraz, irudi luke gizakiak azken batean behartuta egongo ziratekeela beti bakar baten gobernupean bizitzera, baldin eta gobernu errepublikarraren barne-abantaila guztiak eta monarkiaren kanpo-indarra dituen konstituzio-mota bat imajinatu ez balute.

Errepublika federatiboaz ari naiz.

Gobernu-era hori konbentzio bat da, zeinen bidez hainbat gorputz politikok berek eratu nahi duten estatu handiago bateko hiritar bihurtzea onartzen duten.

Gizarteen gizartea da, gizarteek eratutako gizarte berria, eta are handiagotu egin daiteke beste gehiago elkartuz gero.

Elkarte horiei esker loratu zen hain denbora luzean Grezia.

Horiei esker ekin zioten erromatarrek munduari; eta horiei eta ez besteri esker defendatu zen mundua erromatarren kontra; eta Erroma bere handitasunaren gorenera iritsi zenean, Danubio eta Rhin ibaien atzealdeko elkarteei esker, beldurragatik osatu ziren elkarteei esker, egin zioten aurre barbaroek.